viernes, 16 de marzo de 2007

Ingurumen Saila

URDAIBAIN HEGAZTIEN SEGIMENDURAKO

ESKOLA PROIEKTUA
(Ingurumen Sailera bidali zen proiektua)


Sarrera

Duela urte dexente Europako erdialdeko eta iparraldeko hainbat herrialdetan, hegaztiak protagonista izanda, ingurumen hezkuntzako kanpainak egiten ari dira eta ekitaldi horietan, naturari buruzko prestakuntzan eta dibulgazioan, erreferente garrantzitsu gisa agertzen dira eskolak.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako erdi-erdian, ingurumen hezkuntzako proiektu aitzindari eta berritzailea aurrera eroateko koordinatu gara eskola txiki bi. Gautegiz-Arteagako Montorre eskolak eta Muxikako Urretxindorra eskolak Urdaibaiko hegaztien segimendua izango dugu erronka, Elaia Bird Migration Centrearen koordinazio eta gidaritzapean.

Disziplinarteko lanaren modura garatu nahi dugu proiektua, ikasleek hegaztiak behatzen, metodo zientifiko batez datuak hartzen, sortutako informazio guztia prozesatzen eta, azkenean, landutako guztia adierazten eta erakusten ikasiko dute.

Ikasle guztiek hartuko dute parte proiektuan, adin maila txikienetik, jolasen bidez hegaztiren batzuk identifikatzen ikasiz (ipuinak, kantak, argazkiak, pelutxeak,...), nagusienen mailaraino, informazioa sortuz eta eskolan aurkeztuz (datuak, grabazioak, ikusentzunezko muntaiak, posterrak,...).

Badakigu proiektu pilotua dela, baina eskola bietako irakasleek eta Guraso Elkarteek onartu eta gogo handia dugu aurrera eroateko. Seguraski, gure eskola bien arteko koordinazioa Euskal Herriko eta atzerriko beste eskola batzuetara zabaldu ahal izango da eta, teknologia berrien laguntzaz, Europa Zentraleko antzeko proiektu koordinatuak garatzen dituzten eskolekin esperientziak partekatu ahal izango ditugu.

Helburuak

- Hegaztien munduaren bitartez, ikasleak, irakasleak eta gurasoak naturara hurreratzea.
- Hurrean daukagun bizitza naturala ezagutuz, eskolako ingurunea aurkitzea eta baloratzea.
- Espezie askoren biziraupenean gizakion portaeren eraginen inportantzia jakitea.
- Negualdian, kumeak egiteko sasoian eta migrazioan hegazti batzuen segimendua egitea.
- Hegazti espezie horien biologiaren landa-datuak hartzen eta prozesatzen ikastea.
- Proiektuaren garapenean teknologia berriak aplikatzea (digiskoping, datu-baseak, Internet, Power Point,...).
- Urdaibaiko beste eskola batzuekin bildutako esperientziak partekatzea eta kanporatzea.

Proiektuaren garapena

Ikasturtean zehar hegaztien bizitzaren hiru periodo garrantzitsurekin batera garatuko dugu: negualdia, kumeak egiteko sasoia eta migrazioa.

Proiektuan zehar jarduerak espazio diferenteetan kokatzen dira: eskolako barrualdetik hasiz eskolako ingurunerantz joanez, eta, azkenean, hegaztiak aurkituz Urdaibaiko paduretan.

Negualdia

Urteko hil hotzenetan janaria urria da hainbat hegazti sedentario eta negutarrentzat. Txori txiki horiei negua pasatzeko lagunduko dieten janlekuak eskolatik hurbileko lorategian edo berdegunean kokatuko dira. Ikasgelako leihotik zehar egingo da kanpoko janlekuetan elikatzen diren hegaztien segimendua, hartatik digiskopingekin (edota web-kamera batekin) aterako dira argazkiak (edota filmazioak) eta segimenduaren landa-fitxak beteko dira. Euria edo haizea egin arren ikasgelak ahalbidetuko du hegaztien segimendua.

Teknologia berriak erabilita eta irakasleen laguntzarekin ikasleek eurek ikusentzunezko materialak prestatuko dituzte ordenadorean (grabazioak, argazkiak, posterrak,...), bai eskolan, bai proiektua aurkezten den edozein lekutan baliagarri izango direnak.

Proiektuaren materialak erakusteko eta biltzeko egokituko dira eskolako espazio batzuk.

Kumeak egiteko sasoia

Udaberriaren hasieran, neguan janlekuetan elikatzen egon diren txoriren batzuek, kanpotik etorri diren beste batzuekin batera, zuhaitz helduetan zuloak bilatzen hasiko dira kumeak egiteko. Habi kutxak dira zuhaitzen zuloen ordezko egokiak.
Batez ere amilotxak eta kaskabeltzak izaten dira habi kutxak okupatzen dituztenak, baina batzutan naturak ustekaberen bat ematen du eta beste txori espezie ezohikoren bat ager daiteke.

Behin habi kutxak instalaturik, prismatikoak, hegaztien gidak eta landa-fitxak eroanez, zentzuzko distantzia batetik, aldizka, ikasleek behatu, datuak hartu eta egiaztatuko dituzte kumeak egiten ari diren txori espezieei buruz.

Bildutako informazioaren laguntzaz, Elaia Bird Migration Centreko ornitologoek txorikume jaioberrien eraztunak ipintzeari ekingo diote. Txori-ale eraztundunek informazio oso baliagarri eskainiko dute, zeren eta hurrengo neguan seguraski eskolako janlekuetara itzuliko dira eta ikasleek identifikatu ahal izango dituzte.

Fase honetan, ikasleek txorien ugal-biologia ezagutzea da helburua. Habi kutxaren batean web-kamera instalatu gura dugu ugalketa zuzenean ikusi eta grabatu ahal izateko eskolatik bertatik.


Migrazioa

Zalantzarik gabe, naturaren fenomenoen artean, hegaztien migrazioa da harrigarrienetariko bat. Europan dagoen mendebaldeko migrazio-bide ikaragarriak Euskal Herrian sartu eta Iberiar Penintsula zeharkatzen du Afrikarantz.

Elaia Bird Migration Centreren gidaritzapean, udaberriko ezteiaurreko migrazioaren bitartean, Montorre eta Urretxindorra eskolek, euren Guraso Elkarteekin batera, hiru egunetan, hegaztien eraztunketa zientifikoan parte hartuko dute, non, batez ere, hegazti migratzaileak aztertuko diren:

- Lehenengo egunean eraztunketa ekitaldia izango dugu Muxikako Urretxindorra eskolatik hurrean dagoen landazabalean.
- Bigarren egunean Urdaibaiko padurara joko dugu eta Elaia Zentrotik padurara sarritan etortzen diren zenbait hegaztiri eraztuna jarriko diegu.
- Azkenengo eguna, migrazio sasoiko etzalekuan, elaien eraztunketan emango dugu.

Eraztunketa jarduerekin hasi aurretik, ekitaldietan ikus litezkeen hegazti espezieei buruzko prestakuntza egokia emango zaie ikasleei.

Oharra

Euskal Gobernuko Ingurumen Sailean aurkeztu zen proiektuan txorien janlekuen eta habi kutxen kokapenak edierazteko airetiko argazki batzuk erantsi ziren eta, halaber, gastuen aurrekontua ere gehitu zen.

No hay comentarios: