viernes, 16 de marzo de 2007

eskolaproiektua

ESKOLA PROIEKTUA


Sarrera

Duela urte dexente Europako erdialdeko eta iparraldeko hainbat herrialdetan, hegaztiak protagonista izanda, ingurumen hezkuntzako kanpainak egiten ari dira eta ekitaldi horietan, naturari buruzko prestakuntzan eta dibulgazioan, erreferente garrantzitsu gisa agertzen dira eskolak.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako erdi-erdian, ingurumen hezkuntzako proiektu aitzindari eta berritzailea aurrera eroateko koordinatu gara eskola txiki bi. Gautegiz-Arteagako Montorre eskolak eta Muxikako Urretxindorra eskolak Urdaibaiko hegaztien segimendua izango dugu erronka, Elaia Bird Migration Centrearen koordinazio eta gidaritzapean.



Disziplinarteko lanaren modura garatu nahi dugu proiektua, ikasleek hegaztiak behatzen, metodo zientifiko batez datuak hartzen, sortutako informazio guztia prozesatzen eta, azkenean, landutako guztia adierazten eta erakusten ikasiko dute.

Ikasle guztiek hartuko dute parte proiektuan, adin maila txikienetik, jolasen bidez hegaztiren batzuk identifikatzen ikasiz (ipuinak, kantak, argazkiak, pelutxeak,...), nagusienen mailaraino, informazioa sortuz eta eskolan aurkeztuz (datuak, grabazioak, ikusentzunezko muntaiak, posterrak,...).

Badakigu proiektu pilotua dela, baina eskola bietako irakasleek eta Guraso Elkarteek onartu eta gogo handia dugu aurrera eroateko. Seguraski, gure eskola bien arteko koordinazioa Euskal Herriko eta atzerriko beste eskola batzuetara zabaldu ahal izango da eta, teknologia berrien laguntzaz, Europa Zentraleko antzeko proiektu koordinatuak garatzen dituzten eskolekin esperientziak partekatu ahal izango ditugu.




Helburuak

- Hegaztien munduaren bitartez, ikasleak, irakasleak eta gurasoak naturara hurreratzea.

- Hurrean daukagun bizitza naturala ezagutuz, eskolako ingurunea aurkitzea eta baloratzea.

- Espezie askoren biziraupenean gizakion portaeren eraginen inportantzia jakitea.

- Negualdian, kumeak egiteko sasoian eta migrazioan hegazti batzuen segimendua egitea.

- Hegazti espezie horien biologiaren landa-datuak hartzen eta prozesatzen ikastea.

- Proiektuaren garapenean teknologia berriak aplikatzea (digiskoping, datu-baseak, Internet, Power Point,...).

- Urdaibaiko beste eskola batzuekin bildutako esperientziak partekatzea eta kanporatzea.
















Migrazioa

Zalantzarik gabe, naturaren fenomenoen artean, hegaztien migrazioa da harrigarrienetariko bat. Europan dagoen mendebaldeko migrazio-bide ikaragarriak Euskal Herrian sartu eta Iberiar Penintsula zeharkatzen du Afrikarantz.

Elaia Bird Migration Centreren gidaritzapean, udaberriko ezteiaurreko migrazioaren bitartean, Montorre eta Urretxindorra eskolek, euren Guraso Elkarteekin batera, hiru egunetan, hegaztien eraztunketa zientifikoan parte hartuko dute, non, batez ere, hegazti migratzaileak aztertuko diren:

- Lehenengo egunean eraztunketa ekitaldia izango dugu Muxikako Urretxindorra eskolatik hurrean dagoen landazabalean.
- Bigarren egunean Urdaibaiko padurara joko dugu eta Elaia Zentrotik padurara sarritan etortzen diren zenbait hegaztiri eraztuna jarriko diegu.
- Azkenengo eguna, migrazio sasoiko etzalekuan, elaien eraztunketan emango dugu.

Eraztunketa jarduerekin hasi aurretik, ekitaldietan ikus litezkeen hegazti espezieei buruzko prestakuntza egokia emango zaie ikasleei.






Gautegiz-Arteagako Muxikako
Montorre Eskola Urretxindorra Eskola

No hay comentarios: